ADINEKOEN ONGIZATE PERTSONAL ETA SOZIALERAKO PRESTAKUNTZA, BIZITZA BETEAREN IKUSPEGITIK

Xabier Garagorri Yarzak, Helduak Adi! elkarteko XII. Uda Ikastaroan (Ekainaren 22, 23 eta 24an), bizitza betearen bilakaeran bizitzarako oinarrizko beharrei erantzuteak duen garrantziaz eta prozesuan prestakuntza/gaikuntzak duen balioaz hitz egin du.

Bizitza betearen ikuspegitik, honako hauek dira bizitzarako oinarrizko premiak: beharrizan fisiologikoak, beharrizan motorrak eta osasunekoak; askatasun-, segurtasun- eta babes-premiak; ezagutza-beharrak, naturaren zaintza eta teknologiaren erabilera; premia afektiboak, sozialak eta komunitarioak; premia ludikoak, estetikoak eta artistikoak; bizitzari zentzua emateko beharra.

Gizarte batek porrot egiten du bizitzarako oinarrizko behar guztiak asetzeko aukeren atalasea bermatzen ez badu. Baina inguruneko baldintzez gain, inguruko baliabideak erabiltzeko eta aukerak modu egokian aprobetxatzeko gaitasuna ere behar da. Baliabideak eta gaitasunen garapena elkarrekin planteatu beharko litzatekeen binomioa da.

Gizarte baten aberastasun handiena bertako jendearengan dago, eta formakuntza da pertsonen gaitasunen garapena ziurtatzeko bide nagusia.

Bizitzarako oinarrizko beharrak unibertsalak dira, baina hauek asebetetzeko bideak sozialki eta kulturalki eraikita daude. Halaber, komunak dira bizi-zikloaren etapa guztietan, baina horiek asetzeko modua ez da homogeneoa, aldagai askoren araberakoa baizik, eta adina da horietako bat. Bizitzarako oinarrizko premia bakoitzari erantzuteko moduak desberdinak dira bizi-zikloaren etapa desberdinetan, eta, beraz, gaitzeko formakuntza egoera bakoitzera egokitu behar da.

Adinekoen profila, bizitza betearen ikuspegitik jomuga ideal gisa proiektatzen dena, beren garapen pertsonalarekin eta garapen sozialarekin batera eta modu osagarrian konprometitutako pertsonena da. Helduak Adi! -k, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzarekin batera, Formakuntza Plan bat diseinatu du, beren bizitzarako oinarrizko premiei erantzuteko gaitasuna duten adinekoen ikuspegiari erantzuteko.

Helduak Adi! -k eta Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldeak-Grupo SSI-, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzarekin lankidetzan, txosten bat egin dugu, “EAEko adinekoentzat berariaz eskaintzen diren prestakuntza-ekintzen eta agente prestatzaileen mapa eta azterketa” izenekoa (abendua, 2021), helduei zuzendutako prestakuntza-eskaintza hobetzeko ildo batzuk proposatuz.

Helduak Adi! -k, bestalde, proposamen bat egin du, gida bat, interesa duten erakunde eta elkarteek (udal erakundeak, adinekoen elkarteak edo beste erakunde partikular batzuk) beren Prestakuntza Plana egin dezaten, beren inguruneko baldintzen eta hautemandako lehentasunezko prestakuntza-beharren arabera.

Sartu hemendik hitzaldiaren dokumentu osora.

Helduak Adi!
Compartir:
«

Utzi iruzkin bat