Azken urteotan gure ahulezia gogoratu zaigu behin eta berriro. Erraietaraino sartu zaigu zaurgarritasunaren beldurra. Ez da kobidaren beldurra bakarrik, txertoa aurkitu izan omen da eta. Ez da batez ere horren soinua, azkenik izurrite horrekin ohitu gara eta. Dagoeneko ez dugu begiratzen ere hildakoen eta ospitaleratzen direnen estatistikak. Konfinamendu hertsitik askatasun osoko giroan murgildu gara. Ez da ezer gertatu. Baina, pentsa dezagun, unetxo batez bada ere, horrek sortutako ondorioez gure eta gizadiaren barne sentsibilitatean.
- Izurriteak ez ziren gure lehen mundu honetako arazo. Gure lehen mundu honek gaindituak zituen epidemia tradizionalak. Gaitz bakoitzerako txikitan edo gaztaroan hartutako txertoa nahikoa zen gaixotasuna ekiditeko. Krisi epidemiologikoak beste lurralde batzuetako -urrutiko, gaixuak- ziren eta ez genuen horretaz kezkatu beharrik. Heriotza prozesu luze baten amaiera zen eta ez eguneroko esperientzia. Hil omen da: jakina, 85 urte zituen eta. Hori zen gure pentsatzeko era. Egoera aldatu da zeharo, gertakizun gertua bihurtu da eta heriotzaren arriskuaren posibilitatea geurea egiten hasi gara. Gizartea beldurtzen hasi da. Sendagileen eta erizainen figurak goratu ditugu eta garai bateko gure Osakidetzaren ontasuna goraipatzen genuenoi ere zalantza barneratzen hasi zaigu: sendakuntzaren elementu esentzialak urri omen ditugu, eta atentzioaren epeak luzatu egin dira nabarmen. BELDURRAK
- Izurritearen globalizazioak beste gaitzen globalizazioa erakarri digu gure kontzientzietara: beroa iparrean ere eta aldaketa klimatikoaren arriskuaz hitz egiten hasi gara, suteaz, ur eskasiaz… Ukraniako gudatearen ondorioen globalizazioaz konturatzen eta herrien hauskortasuna sentitzen hasiak gara. Gure segurtasuna ahuldu da eta beldur gara gure eta gure ondorengoen etorkizunaz. BELDURRAK
- Inflazioa eta bere ondorioak ere bihurtu dira lehentasunezko berriak. Argiaren garestitze bortitzak, gasaren eta energia iturrien eskasiak, gasolinaren prezioaren neurririk gabeko igotzeak, bankuetako zerbitzuen irabaziak bezeroen gain bizkar-aratzeak elikagaien urritzeak eta garestitzeak, soldaten eta pentsioen lehengo mailetan mantendu ezina…gizakien arteko diru-aldeak nabarmendu omen dute, aberatsak aberatsago eta pobreziaren eskalan pobreagoak izatea. BELDURRAK.
- Helduaroa ezarri dut tituluan eta ez zahartzaroa. Izan ere, hirurogei urte gainekoek omen gara zaurgarrienak. Azken berrogeita hamar urtetako medizinaren aurrerapena alboratu dugu bat-batean eta gure belaunaldiaren aitona-amonen garaira atzeratu gara derrepente. Adinkeriaren elikagaia. Hirurogei urte gainekoen ikonoa berritu digute: aiton zaharraren itxuraz, makurtua makila bati bermatuz. Beraz, kontsiderazio soziala galtzearen beldurra. BELDURRAK
Eta guk BIZITZA BETEAZ sinesten dugu eta hala aldarrikatzen dugu. Populazioaren maila guztietan sortu daitekeen zerbait bezala aho batez defenditzen dugu. Baina bizitza betea urratsez-urrats eraikiko da, ez da bat-bateko lorpena. Utopiaren bidean oinez egitea eskatzen digu eta bere ezaugarriak bete ezinekoak iruditzen zaigun arren, bide horretan saiatzeko ahalegina eskatzen digu. Nolakoak izan beharko lukete urrats horiek? Hurrengoan garatzen saiatuko naiz.
- Helduaroa zaurgarria? (3) - 11/09/2022
- Helduaroa zaurgarria? (2) - 27/08/2022
- Helduaroa zaurgarria? (I) - 25/07/2022